XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zorionak, ARGIA!

ZORIONAK, zure itxura-berritzeagatik; zorionak betiko izpirituari eusteagatik.

Hiru hamarkada badira, euskaltzaleen ezinbesteko erreferentzia zarela.

Neure kasuan, 15 urte beteko dira aurki harpidedun egin nintzela: 18 urte bete berriak eta euskal kontzientzia ere orduantxe piztua.

Zu izan zinen nire alfabetatze-eskola, bai irakurtzen ikasteko, baita idazteko lehen urratsak egiteko ere, Mikel lagun nuela.

Geroztik etxeko izan zaitut: pozez bizi izan ditut zure aurrerakadak, estuasunez larrialdiak.

Aldizkaria baino gehiago izan zara: euskal prentsaren aitzindari, kulturgintzaren motore eta akuilu.

Zure baitatik sortu zen, 90eko abenduan, Egunkaria ere, ama baino handiagoa izatera deitua.

Egia da, ordutik, pixka bat ahazturik eduki zaitugula; egia da, halaber, definizio berri baten bila ibili zarela, astekari bati dagokion berezko tokiaren bila argitalpenen mundu zailean.

Eta orain, pauso handi bat egin duzu aurrera, beti egin izan duzun moduan gainera: apostu zail bati gogotsu ekinez, zailtasunak ondo neurtuz eta norberaren indarrean konfiantza izanez.

Garaile irtengo zara. Horregatik eta beste guztiagatik, zorionak ARGIA

XABIER MENDIGUREN ELIZEGI

BEASAIN (GIPUZKOA)